XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina gure jan beharra, adibidez, ez ote da ahoaren eta sabelaren arteko eguneroko jolasa?

Eta gure eraikuntzak eta tramankuluak ez ote dira bada buruaren eta eskuen arteko jolas?

Jolasa, eragiketa den aldetik, materiaren manipulazio den aldetik, buruaren ariketa den aldetik... bizitzaren arlo orotara barreiatzen da.

Ikuspegi estutik, jolasa benetan egiten ez den ekintza izango litzateke; baina haurrek bene-benetan egiten dute jolas, gorputz eta arima (eta helduek ere badirudi baietz, maiz behintzat); zentzu zabalean, ekintza oro jolas baita.

Badago beste ñabardura bat jolasari dagokiona.

Jolasa berez era erraz eta atseginean doana litzateke.

Nolabait gauzak aldapa behera jartzen direnean, jolasean bezala, denbora-pasa bezala etortzen zaizkigu.

Ordea, gauzak okertzean, aldapa gora jartzean, estuasuna sartzen zaigu eta esan ohi dugu: ahaztu jolasak!

Horra hor gure zorigaitza; ezin ikasi zorionean bizitzen.

Jolasa bideak errazak direnerako nahi dugu, eta ez gauzak zail jartzen zaizkigunerako; eta beharbada horrelakoetan geneukake jolasaren beharrik handiena, inoiz baino gehiago; jolasak artea esan nahi baitu, bizitzako bihurguneei irtenbidea bilatzen jakitea era zalu eta bizian.

Beraz, gizakiaren ekintza oro bilaka daiteke jolas; azken batean, errito oro, pittin bat erlatibizatuz gero (urrunduz eta begiratuz), jolasa dela ikusten dugu.

Jolasa osasunerako bidea da, buruari ikaragarritasunaren zulo ilunak argitzen laguntzen diona.

Ordea, jolasa zentzu estuan hartzen badugu, simulakro edo faltsukeria huts bilakatzen zaigu, jokuizunean murgiltzen gara; ikuspegi estu horretatik jolasa ozio eta alfer-lan hutsa da, eta egoera horren bila abiatzen da gizaki asko; egoera horretan pozik dago, (...).